XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauzak horrela, Célineri berdin-berdin zitzaion ikustezina izan balitz ere.

Aitak ez zion inoiz aditzen, dendako kontu liburuetan burubelarri sartuta edota, bestela, neka-neka eginda egoten zelako.

Amari, ordea, bere buruaz hitzegitea baino ez zitzaion interesatzen.

Eta nebak ere ez zion jaramonik egiten: ez zen han egoten.

Zergatik harritu?, pentsatu ohi zuen neskak.

Ba al zuen berak garrantzizko ezer esateko?

Ez zen neska dibertigarria, ez burutsua, ez eta interesgarria ere.

Ez zuen igertzen nolakoak ziren pertsonak.

Norbait aurkezten bazioten, hasieran atsegingarria gertatzen zitzaion, baina gero guztiz bestelakoak ziren azkenerako, eta bera zen konturatzen zen azkena.

Céline ez zen trebea joko bakar batean ere.

Zuzenak izateko, esan dezagun ez zela klaseko azkena, baina nabarmendu ere ez zen ezertan nabarmentzen.

Ez zuen inolako afizio edo gustu berezirik.

Biziki gustatzen zitzaion zinemara joatea, han lagunduta sentitzen zelako.

Nork lagunduta, baina?

Inoiz ez zen ausartzen inori eskatzera, eta inork ere ez zion laguntzea eskaintzen.

Inoiz norbaitek eskatu zion, bai, baina haren interes hutsagatik.

Célineri adiskide bat edukitzea gustatuko zitzaion, ikaragarri gustatu ere, baina baldintza batekin: bera pertsona bezala interesatu behar zitzaion adiskide horri, eta ez neska bezala bakarrik.

Igandeak gorroto zituen.

Aitak lotan edo telebistan auto lasterketa aspergarriak ikusten ematen zuen eguna.